> Nor gara

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Nor gara

www.gipuzkoakultura.net da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren webgunea.

Kultura Zuzendaritza Nagusia arduratzen da, María José Telleríaren zuzendaritzapean, Gipuzkoako Foru Aldundiak kultur jardueretarako ematen duen aurrekontua kudeatzeaz.

Kultura Zuzendaritza Nagusiaren zereginetan, kulturatzat hartzen ditugun alor gehienak sartzen dira. Horretarako, honako zerbitzu hauek ditu:

Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzua
Liburutegiko eta Kultura Sustapen eta Hedapeneko Zerbitzua
Parte-hartze eta Berrikuntzarako Unitatea

Kultura Zuzendaritza Nagusiaren egoitza KOLDO MITXELENA KULTURUNEAN (KMK) dauden bulegoetan dago.

Urdaneta kalea, 9
20006 Donostia
Gipuzkoa
Tlf: +34 943 41 27 71
Faxa: +34 943 11 27 65
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu

Zertan hartzen dugu parte?

Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak, bere kultur alorrean, bete-betean parte hartzen du Gipuzkoako kultur erakunde nagusien kudeaketan, beste erakunde publiko (udalak eta Eusko Jaurlaritza, batik bat) eta pribatu batzuekin batera.

Halaber, Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua elkarlanean aritzen da Gipuzkoako kultur erakunde adierazgarrienekin, hala nola, honako hauekin:

Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen zerbitzua

Ondare Historiko-Artistikoaren, Museoen eta Artxiboen Zerbitzua Kultura Zuzendaritza Nagusiaren barnean dago.

Gure jarduerak zuzenduta daude Gipuzkoako ondare historiko-artistiko higiezina eta higigarria, ondare arkeologikoa eta ondare etnografikoa zaintzera. Helburu nagusia da ziurtatzea iraganetik oinordetutako elementu guztiak kontserbatu daitezen, gure kulturaren adierazgarri baitira.

Gure jardueretako bat da ziurtatzea, obren edo esku-hartzeen bidez, interes kulturaleko eraikin eta aztarnategi arkeologikoak zaindu eta kontserbatu egingo direla, balio kulturalak gal ez daitezen. Lan-ildo horretan, diru laguntzak ematen ditugu urtero, ondare erlijioso eta zibil higiezin edo higigarrien zaharberritze lanetarako eta indusketa arkeologikoak egiteko. Era berean, zaharberritze eredugarriak egiten ditugu balio historiko-artistikoko gure higiezinetan: Loiolako Santutegia, Igartubeiti baserria (Ezkio-Itsaso), Agorregiko burdinola eta errotak (Aia) eta Santa Teresa komentua (Donostia). Horrez gain, erakunde honen jabetzako artelanak zaharberritzen ditugu zerbitzu honek espezialitate bakoitzarentzat Gordailuan dituen lantegietan. Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa da eta Irunen dago.

Gainera, erakunde eta entitate publiko eta pribatuei aholkularitza ematen diegu ondarearen zaintze alorrean, eta ikerkuntza proiektuak bultzatzen ditugu, gure ondare historiko-artistikoa, arkeologikoa eta etnografikoa hobeto ezagutze aldera. Proiektu horiek gure argitalpen ildo baten bidez zabaltzen saiatzen gara, baita sarean kontsultatu ahal izateko edukiak sortuz ere.

Eduki batzuk ondorengo web orrietan kontsultatu daitezke:

Artxiboak

Artxiboen alorra Ondare Historiko-Artistikoaren, Artxiboen eta Museoen Zerbitzuaren baitan dago. Alor hori Gipuzkoako Artxibo Orokorra (Tolosa) eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (Oñati) kudeatzeaz arduratzen da.

Gipuzkoako Artxibo Orokorra (AGG-GAO)

Gipuzkoako Artxibo Orokorra (AGG-GAO) Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoa da, Batzar Nagusiena eta Foru Aldundiarena, alegia. Artxiboa XVI. mendeaz geroztik dago Tolosan (Batzarre eta Aldundien Artxiboa), eta gaur egungo egoitza aurrerapen berriez hornitutako artxibo-zentroa da.

Artxibo horrek XV. mendetik XX. mendearen amaiera arteko agiriak gordetzen ditu. Funtsen tamainaren arabera, bi dokumentu-multzo handi bereiz ditzakegu: batetik, XV. eta XVI. mendeetan sorturiko erakundeenak (batzar nagusiak eta aldundiak, Gipuzkoako Korregimendua, eta Tolosako notario barrutiko protokoloak), eta bestetik, partikularrenak eta erakundeenak, gehienak geroztikoak. Azken horien artean dago bilduma edo atal faktizioren bat (Indalezio Ojanguren —argazkitegia—, Gaztañaduy Etxea —dohaintza partikularra—, Udaletako kaparetasun-agiriak...).

Gipuzkoako Artxibo Orokorrak hainbat zerbitzu eta jarduera eskaintzen ditu. Agiriak kontsultatzeko eta horien kopiak egiteko aukera emateaz gain, agiriei buruzko informazioa ere eskaintzen du jende ororentzat eta erakundeentzat. Zerbitzu horren bidez, artxiboari buruzko informazioa eskaintzen du, eta ikerketa lanetan laguntzen die zentrora joaten diren pertsonei edo telefonoz, eskutitzez nahiz Internet bidez kontsultak egiten dituztenei.

Bestalde, artxiboak hainbat jarduera antolatzen ditu hezkuntza eta dokumentu ondarea zaharberritze arloetan, eta kultura arloan, oro har: ikastaroak, erakusketak, bisita gidatuak, bekak, argitalpenak, paper formatuko liburuak nahiz liburu elektronikoak, liburutegi espezializatua eta abar.

Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa (ARPG-GPAH)

Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa Hezkuntza Nazionaleko Ministerioak 1942ko uztailaren 10ean emandako Aginduaren bidez sortu zen, eta Oñatiko antzinako Unibertsitatean du egoitza. Funtsak Eusko Jaurlaritzarenak dira 2012az geroztik, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatu izan ditu sortu zirenetik. Azpeitiko, Bergarako eta Donostiako notario barrutietako ehun urte baino zaharragoak diren Gipuzkoako notario protokoloak eta hipoteka-kontularitzetako (1768-1862) dokumentu funtsak biltzen ditu.

Agiriak kontsultatzeko eta horien kopiak egiteko aukera emateaz gain, artxibo horrek agiriei buruzko informazioa ere eskaintzen du jende ororentzat eta erakundeentzat. Zerbitzu horren bidez, artxiboari buruzko informazioa eskaintzen du eta ikerketa lanetan laguntzen die zentrora joaten diren pertsonei edo telefonoz, eskutitzez nahiz Internet bidez kontsultak egiten dituztenei. Gainera, badago liburutegi espezializatuan kontsulta egiterik ere.

Museoak

Gipuzkoako Foru Aldundia hiru museoren jabe da (Untzi Museoa, Igartubeiti Baserri Museoa eta Zumalakarregi Museoa), baita Agorregi burdinolaren jabe ere.

Untzi Museoa

Untzi Museoa euskal itsas ondarea eta historia zaintzeko, aztertzeko eta hedatzeko sortutako zentroa da. Helburu horiek lortzeko, Museoak hainbat arlo jorratzen ditu: hezkuntza jarduerak, ikerketa, argitalpenak, erakusketen ekoizpena zein itsas ondarea babestea eta berreskuratzea.

Igartubeiti Baserri Museoa

Igartubeiti baserriak beste edozein baserrik baino hobeto islatzen du euskal baserriaren Urrezko Aroa dei diezaiokeguna. Jatorrizko zurezko egitura, oso ongi kontserbatua, eta sagardorako dolarea direla eta, Euskal Herriko baserririk interesgarrienetako bat dela esan dezakegu, baita ondarearen funtsezko elementu bat ere. Argi eta garbi erakusten ditu garai hartako balio kultural, historiko, antropologiko, arkitektoniko eta sinbolikoak.

Igartubeiti baserriaren inguruetako interpretazio guneak dolare baserriaren osagarri gisa balio du, eta kontzeptualki banaezinak dira biak. Gune horren helburua da bisitariek baserria bisitatzean jasotako informazioa osatzea, hartara, bisitariek euskal baserria, haren arkitektura, hango bizimodua eta bertan bizi izan zirenak hobeto ezagutzeko giltza lor dezaten.

Zumalakarregi Museoa

Zumalakarregi Museoak Zumalakarregi Museoak jendeari eta adituei Euskal Herriko XIX. mendea gerturatzea du helburu, mende hori aldaketa sozial, kultural, ekonomiko eta politiko handiko garaia eta mundu garaikidearen hasiera izan baitzen. Horretarako, edukiak eta bildumak gorde, ikertu eta handitzeaz gain, bidaia dinamiko bat proposatzen du egungo gizartea ezagutzeko eta ulertzeko funtsezkoa den garai horretan zehar, arautu gabeko hezkuntza baliabideak bultzatuz.

Liburutegiko eta Kultura sustapen eta Hedapeneko zerbitzua

Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Zerbitzu honen zeregina da KOLDO MITXELENA KULTURUNEA Liburutegia oso-osorik kudeatzea, baita bertan garatzen den urteroko kultur programa ere.

Gainera, kultura sustatzen eta hedatzen laguntzeko alorrean, musikaren, dantzaren, antzerkiaren, ikus-entzunezko artearen, euskal kultura tradizionalaren eta horien eragile artistiko eta kulturalen premiak aztertzen ditu, baita entitate sustatzaileenak ere, alor horiek sendotzeko neurri administratiboak proposatzeko asmoz.

Era berean, arte eszenikoak finantzatzen eta antolatzen ditu Gipuzkoako udalen bitartez, eta hiritarren kultur ohiturak eta jarduerak bultzatzen ditu.

Horrez gain, Gipuzkoako Dantzagunea kudeatzeaz arduratzen da, Errenterian dagoena, zeinak dantzaren ikaskuntza eta sorkuntza prozesuak laguntzea baitu helburu.

Koldo Mitxelena Kulturunea

KOLDO MITXELENA KULTURUNEA (KMK) zentro kultural bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1993ko azaroan sortua. Bertan, Foru Liburutegiaz gain, hainbat erakustareto dago, areto nagusi bat eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren bulegoak. Eraikinaren izena Koldo Mitxelena Elissalt hizkuntzalari gailenari (1987an hila) zor zaio, haren eta haren lan handiaren goratzarretan ireki baitzen. KOLDO MITXELENA KULTURUNEA erreferentzia garrantzitsua bilakatu da Gipuzkoan, artearen eta kulturaren hedapenean.

Hauek dira zentroko gune nagusiak:

  • Liburutegia
    16 urtetik gorako pertsona orori irekita dago, eta eraikinaren gunerik handiena da. Halaber, irakurtzeko eta ikasteko aretoak, mailegu zerbitzua, hemeroteka, infoteka (erreferentzia eta baliabide elektronikoen zerbitzua), fonoteka eta erreserba funtsa dauzka. 200.000 dokumentutik gorako funtsa dauka; arlo guztietako dokumentuak izan arren, giza zientziei eta euskal kulturari zuzenduta dago.
  • Erakustaretoa
    Tamaina handiko erakustaretoa da, eta nazioarteko arte garaikidearen joera berrienak erakustera zuzenduta dago.
  • Ganbara
    Tamaina txikiagoko aretoa da, eta gaikako erakusketak antolatzen dira bertan, bereziki, literatur izaerakoak. Era berean, Gipuzkoako artista adierazgarrienen obrak erakusten dira.
  • Areto Nagusia
    125 laguntzako aretoa da, eta prentsaurrekoak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, ikus-entzunezko proiekzioak eta era guztietako kultur ekintzak antolatzen dira egunero bertan.
  • Bulegoak
    Eraikinaren bigarren solairuan, Kultura Zuzendaritza Nagusiaren eta Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuaren Idazkaritza Teknikoaren bulegoak daude.

 

Gordailua

Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa da. Irunen dago, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumen funts higigarriak biltzen ditu, baita Gipuzkoako beste entitate batzuenak ere, hala nola, San Telmo Museoarenak eta Kutxa Fundazioarenak.

Gainera, Zaharberritze Tailer bat ere badu, pintura, eskultura eta harrizko materialetan espezializatua.

Parte-hartze eta Berrikuntza Unitatea

Analisiak egin, txostenak prestatu, eta departamentuaren lan ildoak -jasangarritasuna, parte hartzea eta eraldaketa- garatzen dituzten proiektu estrategikoak jarri ditu abian.  Halaber, kultura ekoizteko, sortzeko eta zabaltzeko eredu berriak egokitzen jardun du.

Argitalpenak

Kultura Zuzendaritza Nagusiak hainbat argitalpen ildo ditu. Horietako asko digitalizatuta daude eta pdf formatuan deskargatu ditzakezu; halaber, erosi ere egin ditzakezu erosketa sarean egiteko gure zerbitzuaren bidez.

Argitalpen jakin baten bila bazabiltza eta aurkitzen ez baduzu, gure biltzailea erabil dezakezu. Horretarako, argitalpen horren datuak sartu behar dituzu (izenburua, egilea, argitalpen data, argitaletxea eta abar) eta “Bilatu” sakatu.
Argitalpenen inguruko kontsultaren bat egin nahi baduzu, helbide honetara idatz diezagukezu: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu .

AddThis Social Bookmark Button
 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.