> Museoak eta ondarea > Museoak eta ondarea > Santa Teresa: historia eta etorkizuna

Gipuzkoa Kultura (Beta)

Santa Teresa: historia eta etorkizuna

Santa Teresa komentuko lanak bukatzear dauden honetan, une egokia da lan horien nondik norakoak, agerian utzi dutena eta esparru honek izango duen etorkizuna ezagutzeko. Erromatar hondarrak, nekropoliak, harresiak eta dorreak erakusketa-espazio bihurtuko dira. 1. SANTA TERESA KOMENTUAREN KULTUR BALIOAK Santa Teresa komentuak hartzen duen lekuaren balio kultural, arkeologiko eta historikoa pare gabekoa da. Hemen agertzen baitira irudikaturik Gipuzkoaren historiaren urrats garrantzitsuenak. Horrez gain, Donostiaren historiak ere erreferentzia gune nagusia du hemen: gaur-gaurkoz, hemen bakarrik agertu da halako sekuentzia estratigrafiko osatua, erromatarren garaian hasi eta gaurdainokoa, ondorengo lerroetan azalduko dugun eran. Erromatarren garaiko materialak aurkitu dira, gure aroko 50. urtetik 200. era bitartekoak, eta utzi ziren bezalaxe agertu dira, gainera. Komentuaren sarreran, hilobien nekropoli bat aurkitu dugu, Donostia sortu aurreko garaietatik hasi (X. mendean) XVI. mende arte, orduan utzi baitzitzaion hildakoak eliz barruetan lurperatzeko ohiturari. Nekropoliak ehorztoki komun bat du, ziurrenik krisi garai bati dagokiona, harlanduzko eta harlangaitzeko zenbait hilobi, eta harlauzazko hilobi multzo bat. Horiez gain, nabarmendu beharra dago lau hilarri berreskuratu direla, horietako hiru oso-osorik, eta beste hiruren zurtoinak ere bai. Nekropoli horrek balio handia du, gisa horretan Donostian aurkitu den gune bakarra baita, hilarriak barne direla. Getarian eta Zarautzen aurkitutako aztarnen gisara, argi eta garbi adierazten du Gipuzkoako itsasertzeko herriak sortu aitzin, bazela gune horietan populazio egonkor bat; Getariako nekropolia aurkitu arte, ez genekien hori. Komentuaren barruan Erdi Aroko hiriko harresien hondakinak aurkitzen dira, XIV. mendekoak gutxi gorabehera; dirudienez, harresiaren trazatu horretan bertan aurretik zurezko hesi baten ordez eraiki zen, nahi aurrekoaren aztarnarik ez den batere gelditu. Harresi sendoa da, garaieraz eta lodieraz, eta hiriaren perimetroa osorik inguratzen zuen. Hondakin horiek dira Donostian egun ikus daitezkeen bakarrak, hego pabiloiko lehen solairuan. Harresiari erantsirik, «sagramenteroen» (zaintzaile) edo kontzejuko dorrearen hondakinak aurkitu dira; bertan bide zuen egoitza kontzejuaren bilerak. Bertako aretoren batean egon behar zen Santa Anaren Otoiztegia, hura izan baitzen Santa Teresa komentuaren sorburua eta fundatzailearen lehen biltokia. Aro modernoan eta gaur egunekoan itxuratu zen guk ezagutzen dugun Santa Teresa komentua. Komentua eraikitzeko lanak 1662an hasi ziren, eliza 1686an eraiki zen eta klaustroak XVIII. mendearen hasieran. Garai hartako aurkikuntzak izan dira, bestek beste, zazpi hilobik osatzen duten multzoa, horietako sei adreiluz egindakoak eta bat harlangaitzez; denak desarmatu behar izan ziren, haien azpian aurkitu baitziren erromatarren garaiko biltoki bat eta XVII. mendeko ur tanga bat (XIV. mendeko harresia ebakitzen duena). 1813ko sutean, komentuaren zati bat eta Santa Ana baseliza suntsitu ziren. Geroago, Ekialdeko pabiloia izendatu zutena eta elizaren kanpandorrea eraiki zituzten. Gainera, gaur egun bitarte, berrikuntza handiak egin zaizkio. 2.- MUSEO PROIEKTUA Museo proiektuak bi oinarri hartu ditu aintzat: • Santa Teresako balio arkeologiko eta historikoak, berez aski baitira proiektu museologikoa justifikatzeko. • San Telmoko museoaren proiektua, harekin modu bateratuan jokatu beharra baitzegoen. Museo proiektuak bi alderdi jasotzen ditu: alde batetik, erakusketa iraunkor bat; bestetik, aldian behingo erakusketa garrantzitsuak. Santa Teresako erakusketa azalera guztia bi gunetan banatuko da: a) Erakusketa iraunkorra: Gunearen museoaren ezaugarrien araberako proiektu museologikoa garatu beharra dago, bertan aurkitzen diren aztarna arkeologiko eta arkitektonikoen argitara gertakari historikoak interpretatu eta azaltzeko bidea emango duena. Gipuzkoaren ikuspegia, gipuzkoarron ikuspegia, horra oinarrizko baldintza bat. Gipuzkoa Santa Teresa komentuaren bitartez izena eman diogun erakusketaren edukiak San Telmo museoaren proposamenak osatuko dituzte, Santa Teresa komentuan egindako aurkikundeetatik abiatuta. Honako hauek dira burutu beharreko jarduketa nagusiak: - Fundazio aurreko aroa: erromatarren garaiko eta Goi Erdi Aroko lekukok, Donostia eta Gipuzkoako gainerako herriak sortu aurrekoak. - Donostia (lurraldeko lehen herria) eta Gipuzkoako gainerako herriak sortzea. - Gipuzkoako Lurralde Historikoa sortzea, herrien arteko lotura gisa. - Muga politikoa eta babes arkitektura Donostian eta Gipuzkoan. - Erlijio ordenak Donostian eta Gipuzkoan. Erakusketa iraunkorrak batez beste 600 m²-ko azalera hartuko du, eta bere gune nagusia arkeologia gunea izango da, bertan izango baitira aztarna arkeologiko garrantzitsuenak. b) Aldi baterako erakusketa. Gipuzkoa Santa Teresa komentuaren bitartez izeneko erakusketa iraunkorra eta San Telmoko museo proiektua osatu eta eguneratu egingo lirateke aldi baterako erakusketa programa garrantzitsu bat era bateratuan garatuz gero. Horretarako 700 m2 inguru beharko dira, eta herritarrei eskaini ahal izango zaien emaitza bateratuak erakusketaren beraren koherentzia eta kalitatea indartuko dituzte. Erakusketa proposamen horren ildo orokorrak Donostiako Udalarekin sinatzeko prestatzen ari den hitzarmenean jasoko dira. 3.- ARKITEKTURA PROIEKTUA Hona hemen esku hartzearen oinarrizko irizpideak: • multzoaren giroa zaintzea; • espazio ezberdinen arteko komunikazioak antolatzea, bertikalean nahiz horizontalean; • multzoak dituen balioak, besteak beste aztarna arkeologikoak, “garbitu” eta balioztatzeko lanak egitea. Obra zibilari dagokion atalean aurreikusitako inbertsioa 7, 4 milioi eurokoa da. Aurreikuspenen arabera, obra zibila 2006ko abendurako amaituta izango da. Museo proiektuaren orientazioa eta gauzatzen ari den arkitektura proiektuaren premien programaren definizioa egiterakoan oinarrizko bi premisa hartu dira kontuan: a) Santa Teresa komentua eta bertako eraikin multzo guztia balioztatzea, ahalik eta aztarna arkeologiko gehien jendeak ikusteko moduan jarriz. Edukitzailea edukia da. b) Ahalik eta eremurik handiena erakusketarako eta jendearen erabilerarako xedatzea, horretarako kanpora aterako lirateke museoaren eguneroko funtzionamendurako ezinbestekoak ez diren zerbitzuak: bildumen biltegiak, zaharberritze tailerrak, kontsultarako liburutegi espezializatua, ... Guztira 2.900 m2 dituen azalera eraikiaren 2.357,36 m2 museoko zerbitzuetarako izango dira. Azalera horretan ez daude sartuta komunikazio eta zirkulazioko espazioak, larrialdiko irteerak eta abar, eta ondorengo eran banatuta egongo da: - Erakusketa eta edukien zabalkunderako eremua. Funtsean erakusketa iraunkorra, aldi baterako erakusketa eta espazio balioaniztunak. Guztira 1.707,33 m² dira, eta horietatik 1.336,88 m2 erakustaretoek eta balio anitzeko espazio estaliek hartuko lituzkete eta 370, 45 m2 erakusketa eremu gisa erabil daitezkeen kanpoko espazioek. Beraz, museoaren proiekturako xedatutako azalera osoaren %72,42 hartuko luke. - Jendearentzako zerbitzuen eremua. Hor egongo dira harrera nagusia, sarreren salmenta, arropazaindegia (takilak), atseden guneak, komunak eta abar. Guztira 285,31 m². - Erabilera mugatuko eremua. Bertan egongo dira lokal teknikoak, maniobra eta hornidurako biltegiak eta kudeaketa eta administrazioko guneak, 364,72 m2-tan banatuta.
AddThis Social Bookmark Button

Iruzkin bat idatzi

Atal hontan "BBcode" delako standarra erabil dezakezu zeure iruzkinak ezartzeko.
Kode hauek, foroetan iruzkinaindartuagoak sartzeko erabili ohi diren standarra dira. Era honetan, erabiltzeak, kode sinple eta azkar batzuen bidez irudiak, negritak, kursibak eta beste hainbat formatu sar ditzake iruzkinean.
Sistema hau sakonago ezagutzeko eta teknikaren adibideak eta kode erabilgarri guztiak ikusteko, ondorengo link-a (wikipedia) jarrai dezakezu.


Seguratsun kodea
Berrita


 
Inprimatu E-posta PDF fitxategia

Musika

Zumarragako 35. Antioko Musikaldian sei ikuskizun oso desberdin

Iraileko larunbatetan Antioko baselizan Antioko Musikaldiaren 35. Edizioa ospatuko da Zumarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Departamentuak...

Zumarragako 35. Antioko Musikaldian sei ikuskizun oso desberdin ikusi ahal izango diraGehiago ikusi

Zinema

Elias Querejeta Zine Eskola abian da

Joan den larunbatean, irailak 22, Elías Querejeta Zine Eskolaren inaugurazio ekitaldia egin da, bertan Denis Itxaso kulturako...

Elias Querejeta Zine Eskola abian daGehiago ikusi
Cerrar

Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.